Avatar heldu zaigu! Abentura eta akziodun filmeak gustuko ditut, baita James Cameronen pelikula gehienak: Teminatorrekin asko disfrutatu dut, bigarrenarekin batipat, eta baita Aliensekin ere (Alien sagako bigarrena). Titanic ikusi nuen baina bukaera nekienez, itsasontzia ondoratzen da, ez zitzaidan oso erakargarria egin gainera Celin Dione-n musika horrenbeste entzuteaz nekagarri bihurtu zait azkenean.
Kritikarekin ez naiz luzatuko. Hasteko esan, leku batzutan idatzi den bezala, pelikula askoren argumentuak eta ideiak nahasten direla honetan: Pocahontas, Bailando con lobos, La princesa Monokoke, Aliens...
Alderdi ona, bisuala. Efekto bereziak primeran daude, animazioak oso naturalak dira, akzio sekuentziak primeran eramanda daude eta orokorrean irudi eder, erakargarri eta liluragarriz beteta dago pelikula. 3D-ko sistema laguntzen du pelikularen unibertsoa magikoagoa egiten, beraz, nik formatu honetan ikustea gomendatuko nuke.
Alderdirik makalena argumentua litzateke, ez fantastikoa delako, topikoz josita dagoelako. Ikusita dugun pelikula baten aurrean aurkitzen garenaren susmoa dugulako denbora guztian. Eskena batean, adibidez, Neytiri-k arkua nola maneiatzen den erakusten dio protagonistari, momentu batean buruak hurbildu, batak besteari begiratu eta begirada lotsatia botatzen diote elkarri... originala, ezta?
Pelikula hau ikustera joan nintzen Daniel Monzón zuzendaria ezagutzen nuelako aspalditik, batez ere irratian entzuten nuen zine kritikak egiten. Gero zuzendaritzara pasa zen eta lau lan egin ditu gaur arte. Hauetatik ospetsuena, sari batzuk irabazi dituen El corazón del guerrero litzateke baina pertsonalki gehien gustatzen zaidana La caja Kovac da, jende gutxik ezagutzen duena eta ingelesez filmatu zuena gainera.
Celda 211 izugarri gustatu zaidan pelikula da. Urteko onenetakoa, onena ez bada. Dibertigarria da, tentsioa eta emozioa sortarazten dizu, ongi eramandako gidoia du (euskal "trama" izugarrizko saltsa ematen dio, adibidez) , gogoratuko ditugun pertsonaiak ditu eta pentsaraziko digu. Garai bateko La fuga de Segovia (ETB-n ikusi al duzue inoiz?) edo El pico bezalako "kinkien" pelikulak ekarriko dizkigu gogora baita AEB-etako kartzela-generoko hainbat konstante eta arketipoak.
Luis Tossar aktoreak pantaila jaten du eta istorioaren zutabe nagusia da, bera gabe sinesgarritasuna galduko luke dena. Hamar bat berarentzat.
Bukatzeko, oso interesgarria da zuzendariak planteatzen duen paradoxa: Delitugile edo gaizkile baten legea (edo hitza) nola izan daitekeen estatu edo poliziarena baino fidagarriagoa.
Aspalditik ezer idatzi gabe eta atzeratuta dudan guztia Eguberrietan egiteko asmoa dut. Presta zaitezte.
Ágora, filme arrakastatsua, ikusle pila izan ditu estatuan, ederki promozionatua izan da eta zuzendariak ospea badu eta irabazita, nire ustez. Gainera, honelako zuzendari gutxi daude, produktua goitik behera kontrolatzen dutenak, gidoitik hasita musika arte, eta hau zaila baino zailagoa da egungo zinearen negozioan.
Amenabarren pelikulak gustura ikusi ditut betidanik. Tesisetik hasita, Abre los Ojos (Matrix-en aurrekaria?), Los Otros (El Sexto Sentidoren ondoren ateratzeak argumentuari indarra kendu zion), Mar Adentro (neurri batean ausarta baina momentu pare batean barregarri, gaztea kotxearen atzetik korrika doanean adibidez) eta azkenean, eskuartean dugun hau arte. Genero desberdinak ikutu ditu eta arnas berria eman dio estatuko naftalina usaineko zinemagintzari.
Ingurukoei, Aritz barne, ez zaie gehiegi gustatu lan hau eta ulergarria da. Batzuk 300 filmearen antzeko zerbait espero zutelako. Inozoak. Beste batzuk garai bateko "peplum" edo filme historiko "handi" bat espero zutelako agian, Ben-Hur-en edo Gladiator bezalako zerbait eta akzio gutxi eta berba asko duen pelikula bat topatu dute. Bukatzeko Espainiako sektore askorentzat erlijioen sektarismoen kontrako mezua ez dute gustuko izan, batez ere kristau erlijioaz ari bagara eta honek iritzi artikulu batzuk sortu ditu zuzendariaren kontra.
Nire ustez ikus daitekeen pelikula bat da, nahiko entretenigarria eta ongi egina. Kontua da Amenabarren izenagatik ez balitz, ikusle asko ez lirateke ikustera joango, ni barne. Ongi egina egon arren, niri behintzat ez dit bestelako zirrara berezirik sortu. Hala ere ikustea ez da denbora galtze bat eta agertzen diren zenbait idei eta gai erabilgarriak dira DBH, Batxilergo eta Unibertsitateko ikasleekin bideo forumak antolatzeko.
Amaitzeko aipatu, filmean topatu dudan alderdirik harrigarriena, originalena eta ausartena, zuzendariak garai hartako kristauak nola irudikatu dituen izango litzatekeela. Kristauak gaiztoak baino gaiztoagoak dira eta gainera gaizto aurpegia dute! Horren gaiztoak dira, zeren pelikuletako musulman gaiztoak baitiruditen! Beraz, istorio honetan, kristauen rola biktima izatetik borreroa izatera aldatu da. Amen... abar.
Beste filme frantses bat. Farregarria benetan. Emakume baten bizitzaren inguruko pelikula da. Ezkonduta dago baina bere maitalearekin alde egin nahi du Txinara. Egun batean, senarra hil egiten da eta emakumea guztiz libre sentitzen hasten denean, familia datorkio gainera...
Mundiala, besterik gabe. Pelikula frantsesa da, azkenaldi honetan oso gustokoak ditut. Filmea berez, ez da oso luzea, baina entretenigarria erabat. Tipo batek bere bizitza guztiz aldatzea erabakitzen du, baina era nahiko bortitzean. Jendeaz paso egiten du, familiaz, lagunetaz... Ezin dizuet ezer gehiago aurreratu, aukera izanez gero ez galdu pelikula hau. Komentatuko didazue...
Bada garaia zerbait idazten hasteko eta nondik hasi eta udan ikusitako filmeen balorapen motza egiten. Zine gehiegi ez dut ikusi udan eta zine aretotan hiruzpalau titulu. Pelikula asko ahaztuta jada, hemen agertzen direnak denboraren galera saihestu dutelako dira, onerako... edo txarrerako. Udako filmerik onena: UP: Animaziozko filme hau udako onena izan da dudarik-gabe. Haurrentzako eta helduentzako pelikula bat, Pixar honetan aditua da, gogoratzeko momentu asko dituena: pertsonaia nagusiaren bizitzaren istorioa, etxea askatzen duen unea (momentu sinboliko-poetiko ederra). Zinea da nagusi, gag dibertigarrienak irudia eta musika bakarrik nahastuz lortzen dira, Chaplin maisuaren estiloa jarraituz. Esandakoa, gal ezin daitekeen titulu bat.
Udako barregarriena: Resacón en Las Vegas: Emaztearekin ikusi nuen eta barrea barra-barra egin genuen. Lagunekin ikustea gomendatzen dut, garagardo batzuk eskuan izanda.
Udako dezepzioa: Ice Age 3: Nekatu naiz. Txiste asko zituen pelikulak baina istorioa ahula baino ahulago. Pertsonaiekin nekatu naiz jada. Ez dakit, agian bigarren ikustaldi batean gehiago baloratuko dut.
Udako okerrena: Kika Superbruja. No comment. Zine europearra haurrentzako pelikula komertzial on bat ez badaki egiten galduta gaude! Horren txarra da nik hobeto egin nezakeelakoan nagoelaren sentsazioa izan nuela. Orain, alabatxoa oraindik gogoratzen da filmeaz, haurrek kriterio gutxi dutenaren seinale.
Etxean ikusitakoak:
Gran Torino: Onena agian. Aritzen kritikarekin bat nator.
La Internacional vs La Sombra del Poder: Honelako filmeak gustuko ditut: konspirazioak, poterea duten sozietateak, eskrupulurik gabeko agintariak... Bi pelikula oso desberdinak dira eta irabazlea La Sombra del Poder da, duda izpirik gabe. Gidoi sendoa du, gaur egungo kazetaritzaren ausardi falta eta politika eta interes ekonomikoekiko subordinazioa islatzen du. Aktore onak ez zaizkio falta gainera: Russell Crowe, Helen Mirren eta Ben Affleck besteak beste. La Internacional pelikulak ere aktore ezagunak ditu: Clive Oven, Naomi Watts eta zuzendaria ona omen da. Emaitza dibertigarria bada ere, denbora pasatzeko balio du, garapena ez zait oso originala iruditu. Agian, duen onena lokalizazioak izango dira: New Yorkeko Guggenheim museoa, Berlin, Istanbul, Alpeak, Italia...
Kaixo, kaixo denoi!!! ze moduz dana! beno, uda pasa zaigu, hondartza eta terrazatxoetako planak pixkanaka aldentzen doaz, laster freskatzen hasiko da eta berriro zinera edo etxean palomita poltsa hartuta gelditzekoak gehiago izango ditugu. Beraz, 2009 /10 denboraldia inauguratua (inauguratua, inaguratua....horrela zen, ezta? ea, Nafarroa Oinezeko komunikazio batzordeak zer dion, jeje) gelditzen da!
Beno ba agian ikusia duzue pelikula, pasa den urtean egon zen zine aretoetan. Fultxorekin beste pelikula bat ikusteko zain ginela eman zuten honen trailerra, eta egia esan lehen impresioa ez zen oso ona izan, ez ninduen erakarri, gidoi nahiko sosoa iruditu zitzaidan.... Clint Eastwood protagonista izanda nahikoa desilusio eraman nuen.
Horrela gelditu zen gauza, pelikula hau ez nuela ikusiko erabaki nuen eta azken aldian bideoklubera joan naizenetan ere ez diot atentziorik jarri. Baina aurrekoan bai, aurrekoan "gaur hartu egin behar dut, emaiozu Clint-i aukera bat" esan nuen nire barnerako, jeje
Beno, ba pelikula ikusi ondoren damutu egin naiz lehenago hartu ez izana, kriston pelikula iruditu zait, oso konpletoa. Gerra beterano bat dugu protagonista, emaztea hil berritan, kultur anitzeko auzo batean bizi da bere txakurrarekin, garajean "Gran Torino" bere kotxe maitea gordetzen du, bere auzokideak baina ezin ditu ikusi ere egin. Arrazakeria, pandillen mundu iluna...gai gordinak tratatzen ditu baina ematen dion humore puntua oso ona da, bukaeran malkotxoren bat edo beste eror dakizueke, abisatzen dut!
Ez zarete damutuko, esango didazue!
Tipo honen azken pelikulak ikusita, nire sinesgarritasun osoa irabazi du, hurrengoan ez dut bi aldiz pentsatuko. Eta gehiago egingo dut Transformers....eta horrelakoekin, jeje
Zinea gustuko dugu ez gara adituak ez gara sakontasunean galtzen ez dakigu idazki luzeak egiten edo baldin badakigu alferrak gara oso iritziak partekatu nahi ditugu denetatik ikusten dugu ez dugu aurreiritzirik izaten ...