2009/10/10

UDAK EMANDAKOA

Bada garaia zerbait idazten hasteko eta nondik hasi eta udan ikusitako filmeen balorapen motza egiten. Zine gehiegi ez dut ikusi udan eta zine aretotan hiruzpalau titulu. Pelikula asko ahaztuta jada, hemen agertzen direnak denboraren galera saihestu dutelako dira, onerako... edo txarrerako.

Udako filmerik onena:

UP: Animaziozko filme hau udako onena izan da dudarik-gabe. Haurrentzako eta helduentzako pelikula bat, Pixar honetan aditua da, gogoratzeko momentu asko dituena: pertsonaia nagusiaren bizitzaren istorioa, etxea askatzen duen unea (momentu sinboliko-poetiko ederra). Zinea da nagusi, gag dibertigarrienak irudia eta musika bakarrik nahastuz lortzen dira, Chaplin maisuaren estiloa jarraituz. Esandakoa, gal ezin daitekeen titulu bat.

Udako barregarriena:
Resacón en Las Vegas: Emaztearekin ikusi nuen eta barrea barra-barra egin genuen. Lagunekin ikustea gomendatzen dut, garagardo batzuk eskuan izanda.

Udako dezepzioa:
Ice Age 3: Nekatu naiz. Txiste asko zituen pelikulak baina istorioa ahula baino ahulago. Pertsonaiekin nekatu naiz jada. Ez dakit, agian bigarren ikustaldi batean gehiago baloratuko dut.

Udako okerrena:
Kika Superbruja. No comment. Zine europearra haurrentzako pelikula komertzial on bat ez badaki egiten galduta gaude! Horren txarra da nik hobeto egin nezakeelakoan nagoelaren sentsazioa izan nuela. Orain, alabatxoa oraindik gogoratzen da filmeaz, haurrek kriterio gutxi dutenaren seinale.

Etxean ikusitakoak:

Gran Torino: Onena agian. Aritzen kritikarekin bat nator.

La Internacional vs La Sombra del Poder: Honelako filmeak gustuko ditut: konspirazioak, poterea duten sozietateak, eskrupulurik gabeko agintariak... Bi pelikula oso desberdinak dira eta irabazlea La Sombra del Poder da, duda izpirik gabe. Gidoi sendoa du, gaur egungo kazetaritzaren ausardi falta eta politika eta interes ekonomikoekiko subordinazioa islatzen du. Aktore onak ez zaizkio falta gainera: Russell Crowe, Helen Mirren eta Ben Affleck besteak beste. La Internacional pelikulak ere aktore ezagunak ditu: Clive Oven, Naomi Watts eta zuzendaria ona omen da. Emaitza dibertigarria bada ere, denbora pasatzeko balio du, garapena ez zait oso originala iruditu. Agian, duen onena lokalizazioak izango dira: New Yorkeko Guggenheim museoa, Berlin, Istanbul, Alpeak, Italia...