2009/12/29

CELDA 211

Pelikula hau ikustera joan nintzen Daniel Monzón zuzendaria ezagutzen nuelako aspalditik, batez ere irratian entzuten nuen zine kritikak egiten. Gero zuzendaritzara pasa zen eta lau lan egin ditu gaur arte. Hauetatik ospetsuena, sari batzuk irabazi dituen El corazón del guerrero litzateke baina pertsonalki gehien gustatzen zaidana La caja Kovac da, jende gutxik ezagutzen duena eta ingelesez filmatu zuena gainera.

Celda 211 izugarri gustatu zaidan pelikula da. Urteko onenetakoa, onena ez bada. Dibertigarria da, tentsioa eta emozioa sortarazten dizu, ongi eramandako gidoia du (euskal "trama" izugarrizko saltsa ematen dio, adibidez) , gogoratuko ditugun pertsonaiak ditu eta pentsaraziko digu. Garai bateko La fuga de Segovia (ETB-n ikusi al duzue inoiz?) edo El pico bezalako "kinkien" pelikulak ekarriko dizkigu gogora baita AEB-etako kartzela-generoko hainbat konstante eta arketipoak.

Luis Tossar aktoreak pantaila jaten du eta istorioaren zutabe nagusia da, bera gabe sinesgarritasuna galduko luke dena. Hamar bat berarentzat.

Bukatzeko, oso interesgarria da zuzendariak planteatzen duen paradoxa: Delitugile edo gaizkile baten legea (edo hitza) nola izan daitekeen estatu edo poliziarena baino fidagarriagoa.

2009/12/26

ÁGORA

Aspalditik ezer idatzi gabe eta atzeratuta dudan guztia Eguberrietan egiteko asmoa dut. Presta zaitezte.

Ágora, filme arrakastatsua, ikusle pila izan ditu estatuan, ederki promozionatua izan da eta zuzendariak ospea badu eta irabazita, nire ustez. Gainera, honelako zuzendari gutxi daude, produktua goitik behera kontrolatzen dutenak, gidoitik hasita musika arte, eta hau zaila baino zailagoa da egungo zinearen negozioan.

Amenabarren pelikulak gustura ikusi ditut betidanik. Tesisetik hasita, Abre los Ojos (Matrix-en aurrekaria?), Los Otros (El Sexto Sentidoren ondoren ateratzeak argumentuari indarra kendu zion), Mar Adentro (neurri batean ausarta baina momentu pare batean barregarri, gaztea kotxearen atzetik korrika doanean adibidez) eta azkenean, eskuartean dugun hau arte. Genero desberdinak ikutu ditu eta arnas berria eman dio estatuko naftalina usaineko zinemagintzari.

Ingurukoei, Aritz barne, ez zaie gehiegi gustatu lan hau eta ulergarria da. Batzuk 300 filmearen antzeko zerbait espero zutelako. Inozoak. Beste batzuk garai bateko "peplum" edo filme historiko "handi" bat espero zutelako agian, Ben-Hur-en edo Gladiator bezalako zerbait eta akzio gutxi eta berba asko duen pelikula bat topatu dute. Bukatzeko Espainiako sektore askorentzat erlijioen sektarismoen kontrako mezua ez dute gustuko izan, batez ere kristau erlijioaz ari bagara eta honek iritzi artikulu batzuk sortu ditu zuzendariaren kontra.

Nire ustez ikus daitekeen pelikula bat da, nahiko entretenigarria eta ongi egina. Kontua da Amenabarren izenagatik ez balitz, ikusle asko ez lirateke ikustera joango, ni barne. Ongi egina egon arren, niri behintzat ez dit bestelako zirrara berezirik sortu. Hala ere ikustea ez da denbora galtze bat eta agertzen diren zenbait idei eta gai erabilgarriak dira DBH, Batxilergo eta Unibertsitateko ikasleekin bideo forumak antolatzeko.

Amaitzeko aipatu, filmean topatu dudan alderdirik harrigarriena, originalena eta ausartena, zuzendariak garai hartako kristauak nola irudikatu dituen izango litzatekeela. Kristauak gaiztoak baino gaiztoagoak dira eta gainera gaizto aurpegia dute! Horren gaiztoak dira, zeren pelikuletako musulman gaiztoak baitiruditen! Beraz, istorio honetan, kristauen rola biktima izatetik borreroa izatera aldatu da. Amen... abar.