2010/01/31

IRUZKIN SALDA II

Etxean egoteko urtarrila izan dugunez pelikula dezente ikusi ditugu etxean. Denetatik dago, adi gomendapenei!



Tierra de ángeles: Aritzek gomendatuta. Suediako komedia kostunbrista bat da. Orkestra zuzendari ospetsu bat bere herrira bueltatzen da gaixotasun bategatik eta horrek herritarretan efektu katartikoa sortuko du. Pertsonaien bat estereotipatuegia egon arren, herriko erretoreaz ari naiz, ikustea merezi du. Beraz, gomendioen saskian sartuko dugu. Goian irudi batzuk dituzue, adi musikari izugarri ederra baita.

La Clase: Blog honetan komentatua izan da. Niri asko gustatu zait baina batzuen dezepzioa ulertzen dut, norberak dituen espektatiben arabera izaten baita hori. Agian baten batek egungo hezkuntza eta nerabeen arazoen inguruko hotsandiko diskurtso bat espero zuen eta hori baino institutu bateko gela baten ikastearekiko jarrera kontatzen da. Ez dugu topatzen irakasle salbatzailerik hemen, ikasleak motibatu eta egun batetik bestera aldatuko dituenak, hori pelikula amerikarrentzat utziko dugu. Gehien gustatu zitzaidan zatia bukaera izan zen. Ikasle bakoitzak ikasturtean zehar zer ikasi duen kontatzen duenean eta gero irakasleekin batera futbol partidu bat jokatzen dute, optimismoari ate bat zabalduz.
Analisi sakonagoa merezi du lan honek, taberna batean lasai gaudenerako utziko dugu. Gomendatua, dudarik gabe.

Olvidate de mí (Eternal Sunshine of the Spotless Mind): Hilabeteko sorpresa izan da, ez nuen ezagutzen, hamarkadako filme onenen zerrenda batean topatu nuen Blogdecinen eta ikustea erabaki nuen. Pelikulan Jim Carrey aktore nagusia dela entzuten baduzue atzera botako zarete batzuk, zuek galduko duzue! Argumentu originala du, aktore interesgarriak eta ideia irudietara pasatzeko garaian errekurtso formal egokiak erabili ditu zuzendariak. Ez dizuet gehiago kontatuko.

Aste honetan gehiago.

No hay comentarios:

Publicar un comentario